XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bai nortasunari

Haurra nintzenean, luzeegia zirudien trenetik Pozuelo aldamenean Madrilgo taxi gorri-beltzak ikusi eta gero, ez lehenago, ez geroxeago.

Euskal Herriaz kanpo nengoela sotorroinduta samar egiaztatzen nuen.

Geroztik goibeltasuna nahikoa azkar pasatzen zitzaidan eta gainera niretzat Euskal Herriak ez zuen izenik.

Irudiez, giroaz, usainaz, euskara enigmatikoaz (posguerra gorrian geunden baina nire belarri birginalean gaur baino burrunba handiagoa zuen euskarak, tori paradoxa) eginda zegoen haize anonimo eta halere nabarmenak buruaren barruan zirauen.

Baina nik ez nekien Euskadi Euzkadi edo alderantziz zela aitak ezusteko moduz irakatsi zidan arte; gaumahaian antzinako pezeta bat aurkitu nuen behin, uda pasatzeko alokatzen genuen gelan hain zuzen ere, eta aitak pezeta Euzkadi zela misteriotsuki informatu zidan.

Ez, ez nuen tiroalblanko txoznan tiro batzu ordaintzeko balio.

Hobe dek gorde eta ahantzi.

Orduan, errepublikako beste txanpon eta frankoen artean franko frantziarrak esan nahi dizuet, ez gaurko ogerlekoen porlagraciadedios frankotxo inmortalak, hauek ez ziren hain erraz gaumahaietan topatzen gorde nuen altxorra.

Urteak pasa ahala, oso xehetasun kezkagarria Madril eta Euskadi bereiztearekiko nire seigarren zentsura gaineratu zen.

Txapela desberdinak zeramatzatela mamuek, alegia.

Euskadiko mamu forala txapelgorriz jantzirik zebilen: Eonadi formal edo bestela agoazilak perreran sartuko hau, egiten zidaten mehatxu Alamedan.

Madrilen, berriz, pixontzi itxurazko kaskoa ageri zen autoritateen buruetan, koloniala nolanahi ere, Colón zinean eskeintzen ziguten Tres lanceros bengalíes pelikularen antzekoa.

Guardias de la porra deitzen zieten haiek, pipaz bestalde kendo makila disuasorioa ere bazuketen.

Nik azaldu nahi nizueke, zera, bada, ez ditudala besteek ematen didaten askatasunaren zertifikatuak atseginen.

Are gehiago, nire NAN miatzen dudanean ez dut neure aurpegia kokatzen.

Helmugak ez dira beti nire eritziz posmodernismoaren ikerleek salatu duten arabera (Baudrillard gehienbat) erabakigile direlakoengandik onartzen; baizik eta ni neuk inoren baimenik, inoren koakziorik gabe nire nortasuna konformatzen hartzen dut.

Nafarroan, Iparraldean nagoenean Akitania osoa barne, baita Errioxa barne ere, badakit euskalerrian diraudala; oso herrialde berezitan (gipuzkoarrak munduaren zila izaten ohiturik omen dagoz), baina barnean dauzkan ezberdintasunek Euskadi osatzen dute: bitarteko, ustezko arbitrio arbitrarioak zeharkatzen ditudanez gero, beti aldakorrak diren azentuek, doinuek (itsasokoa, mendikoa, artzainena, kalekoa, iragarkiena) ohiturek, izenek, lexikoek Euskadiz kanpo ez naizela jeitsi konfirmatzen didate.

Ez dut, haurra nintzenean bezala, mapak, ezta botereek ematen dituzten erremusina politikoen beharrik ere, nire atmosfera arnasteko.

Gainera, eman ligukeen independentziaren barruan, independentzia hartaz egiazko independentzia esijitu beharko bait genuke berriro eta hasieran buelta.

Hitzak, paperak: hutsa eta hautsa. Zer egin?

Argiro, hain erosoa egiten omen zaigun inorentasunaren kaixolatik ihes egin lehenbailehen.

Beharbada ere, ahal dugun folkloreari bultz egin.

Bai, folklorea, ze arraio gertatzen da folklorearekin, ze erru ote du legezko flamenko andaluziarrak, zergatik, berriz, gure koblalari lokalak baztertzen ditugun?; zergatik, zerrendari ekiterakoan, ia oparoz euskaltegietan ni bezelaxe inmigrante helduok euskalduntzen gaituzten irakasleak ikastoletan datorren belaunaldiarekin bere lan oinarriagoaz nortasuna bermatzen digutela ez aipatzeko eskala sozialaren sestran mespretxatzen ditugun?

Laburzki, ohiturak, kirolek, euskara indartzeak eta batez ere dakigun euskara erabiltzeak inorentasunaren kateak apur liezazkigukete.

Muga kulturalek ez baitira behin ere muga administratiboekin egokitzen eta pseudoposmodernoak moskeatzeko arma galanta izaten da hizkuntza madarikatua.

Subentzioak pseudoposmodernoek jaso nahi dituztenean izan ezik, noski.

Gogora ezazue (nirea irakurtzen, ulertzen ari bazarete, nahiz eta oso akademikoa ez izan, euskaldunak zaretela sustatzen dut) feriaren txoznetan gozatzeko pezeta Euzkadik ez zuela ezer balio: emandako independentzietan ez litzaizkiguke erabakigileak faltatuko ikastolak nahiz egunkari euskaldunak berezkoz honda litezen, herritarren etsipenaren, pasibitate inplosiboaren aurrean.

Badagoz, orobat, ezjakintasuna birtutetzat jotzen duten zenbait politiko.

Buesaren ustez ingelesa garrantzitsuagoa omen da gazteentzat euskara baino. Bapo.

Aholkulariak dagoeneko alemaniera, japoniera eta laster frantseseraren atzetik ingelesera tinkatua dagokeela Europan enoratzen du.

Estadistika gezurtia dela demagun.

Berdin dit: arazorik larriena Euskadiko Hezkuntza Erabakigileak euskal gazteriaren burmuinak axolagabekeriaz mugatzen dituela da.

Tesis honen arabera gizakiaren inteligentziak ezin ditu, adibidez, Natur Zientziak eta Solfeoa batera asimilatu.

Beste irakurketa: jakintza ez dela intrinsekoki baliotsua, baizik eta multinazionaletan lanpostu eder bat lortzeko dagoela kultura eginda.

Deputapena.

Pankarta nahiz gorroto etnopolitikoaren kultura gainditzen dudanean, Nietzschek igelaren ikustupuntua deitzen zuena uzten dut eta orduan bereizgarria agertzen agertuko naiz nintzake.

Ez bait naiz liberto egoerarekin konformatzen.

Ni neu nire inguruneetan identifikatzen bainaiz diplomarik, pasaporterik, kontsignarik gabe.

Ez ditut behin ere euskaldunak sublimatu: arrakero xarmagarriak badagozela muslarien keinua; manomanisten atxikia; atzerantz begirada zestapuntan, pilota zestaren barruan dagoen bitartean; behi gatzatua ardiaren bailitzan eskeini; porkojones kaladero debekatuetan arrantza eguneroko gogaitasunak gatz pixkat har dezan.

Baina orokorrez, bizitza arruntean zintzoagoak bagina beste sektore txupopteroaz, harrapaxaz nabarmentzea baliteke.

Beste herrietakoekin benetako harremanak tinkatu beharko genituzkeela gogorki azpimarratzen dut.

Ez ahomihiz (Doris Benegas, Marinaledako alkatea, Xirinachs, Polisarioko zenbait lagun, Pablo Milanés eta Sagaseta hauteskundeen bezperetara gonbidatu eta geroztik lau urtetan zehar Madril hitza eta beraz herria deabrutzen, Fatxadolid esaten dugularik bi xenofobia bakarrik aipatzerakoan) eta akabo.

Herriek beste herrien identitateaz eta dignitateaz eurenak lortzen baitituzte.

Ez gaituztela ezagutzen askotan kexatzen gara.

Gure albokoak baita noizbehinka gure urrunagokoak ere ezagun ditzagun beraz, geure burua hobeto ezagutzeko.

Amaitzeko, ohizko Corcuerak txandako Atutxekin trukatzeari alferrik deritzot.

Azkenengo caucusean irtengo diren FBIkoek beti aginduko dutela jakinez gainera, nahitaez Estatuek erabiltzen dituzten foralek, guardias de la porrek, beltzek, gorriek, berdeek, technikolorezkoek burdina ordez supersaunak dibisarik baliotsuena hemendik aurrera bihurtu dela, eta horrexegatik bere esistentzia soberan dagoela munduko esklabu merkatuan, katxiporraz langileria zurituko lukete.

(Ekonomikak, baita Parapsikologia ere laster esijituko dizkigute kurrela izateko).

Utopiak mugarik ez duela ziurtatuz gero, gora Euskadi libertarioa oihu dagit.